Urzainki,Urrutea eta Urralegiko arroilak zeharkatzen dituen Eska ibaiaren ondoan eta Arrigorrieta mendizerraren beheko aldean dago. Uztarroze, Izaba, Erronkari, Garde, Burgi eta Bidankoze hiribilduekin batera Erronkaribar osatzen du. Urzainkik historia eta ondare kultural handia du. Ezegorria eta Ariztoia mendiek inguratzen dute. Bi eliza ditu: San Martin eta San Salvador eta zenbait auzo: Urrutea, Iragoisne, Iruartea, Iribarrena, Ingruñea,...).
Erronkaribarko udalerri txikiena da, 21,2 Km²ko azalerarekin. Esaten dutenez, aspaldi Erronkaribarko biztanleak udalerrien lur-eremuak banatzeko asmoz elkartu zirenean, Urzainkikoek honako hau esan zuten: "abeltzain, gaztagile eta artile- egileak garenez, ez dugu leihotik ikusten dugun lurra baino gehiago behar, eguzki aldean bi haritz, pinu batzuk, kafetegi ziztrin bat eta ardorik gabeko taberna".
Paisaia naturalen sorreran klimak garrantzi handia izan du. Paisaia naturala landaretzak eta erliebeak osatzen dute.
Gizakiaren eragina onuragarri izan da naturarentzat Erronkarin oro har, eta Urzainkin ere noski.
Urzainkin komuneko intereseko eremuak daude, hegazti eta bestelako animaliak babesteko eremuak ere.
Larreak oso ugariak dira, abeltzantzan oinarritutako lekuetan gertatu ohi den bezala. Horretaz gain, altueraren arabera bestelako paisaiak aurkituko ditugu: izeidi pagoak; haritzak eta erkametzak mendi hegal lehor eta eguzkitsuetan; bakartutako edo pinu nahiz haritzekin batera hazten diren arteak, eta batez ere basa pinuak ikusiko ditugu, Erronkaribarren ugarienak dira azken hauek eta baita zaharrenak ere, Pliozenoko hainbat fosil aurkitu direlarik. Ezpela, zumea eta hurritzak ere oso ugariak dira.
Animaliei dagokienez, Erronkarik animalia mota ezberdin asko eta ugariak ditu. Hartzaren presentzia ("Camille" izenaz ezagutua) inguruko mendien kalitatearen seinale da. Orkatzak eta basurdeak ere aurkituko ditugu, bai eta zapoak, sugandilak, eta hegaztien artean putrea, arrano beltza eta ugatza.
Urzainki mendeetan zehar ohitura zaharretan murgildurik eta aspaldiko lanbideez bizi izan zen (abeltzain eta almadiazain). Pertsonaia xelebreak aipatzearren, 785.urtean Abderraman I.a arabiar erregeari Esa inguruetan burua moztu zion Andreu etxeko emaztea aipatzen ahal dugu, edo Krutxaga izeneko gudaria (1739- 1812), edo arbasoak Pelusanki etxekoak zituen Lindon Baines Johnson EEBBetako presidente-ohia.
Egun Tiburtzio etxea dagoen leku berean aspaldi egon ziren benta batzuetan omen du Urzainki herriak bere sortzearen oinarria, San Salvador ermitaren ondoan. Tomás Urzainki historialariak dioenaren arabera, bentako seme-alabek ibaiaren beste aldean eraiki zituzten Urzainkiko lehenak izan ziren.
Erlijio - Arkitektura
Arkitektura Zibila
Festa Nagusiak: Abuztuaren lehen igandean.
Herriko zaindariaren omenezko festak: San Martin (azaroaren 11n).
Hiru Behien Zerga:
Inork ez daki zehaztasunez non edo noiz sortu zen zerga hau pagatzeko ohitura, 1427. urtean Izaban izan zen suteak zerga honen inguruko lehendabiziko datuak zituen dokumentua erre baitzen.
Baretos ibarrak Erronkariri 2 urte, hortz eta ile berekoak eta akatsik gabeko hiru behi ematen dizkio. Lehenengoa eta hirugarrena Izabari ematen zaizkio eta bigarrena Uztarroze, Urzainki eta Garde herrien artean banatzen da, Uztarrozeri beti urte bikoitzetan eman behar zaiolarik (Uztarroze, Urzainki, Uztarroze, Garde,...etabar).
Zerga hau uztailaren 13an pagatu ohi da 262. mugarrian edo San Martin harrian. Honen inguruan biltzen dira bi ibarreako autoritateak, mugarriaren gainean eskuak ezarriz eta "Pax Avant" hitzak hiru aldiz errepikatuz.
Duela gutxi arte Bestaberri edo Gorpuzti- egunean prozesio bat egin ohi zen. Sakramentu santua eliz atarian goratzen zelarik, sei edo zazpi lagunek eskopeta-tiroak botatzen zituzten ohorezko salba gisa, beste batek bandera mugiarazten zuen bitartean.
Ez aspaldi arte Errege Egunean Erronkariko biztanleekin borrokatzeko ohitura zegoen. Urzainkiko gizon gazteak ezkila eta zintzarriekin harrabotsa eginez Erregeen haitzaren gainera igo eta berehala Erronkariko mutil gazteekin borrokatzera abiatzen ziren.
Abenduaren 6an (San Nikolas) Apezpiku Txikiaren eguna ospatu ohi zen, eta Gabon Gauean sua pizteko ohitura oraindik bizirik dirau.
Erronkariko Jantzia
Egun erabilera folklorikoa du. Hiru Behien Zerga ordaintzen den egunean, edo festetan erabili ohi da. Botzordeak gainera longaina eramaten du Urzainkin osapatzen duen bilkuran.
Euskara (13 %) eta Gaztelania.